XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pediatrian oro har gertatutako aurrerakuntzek eta azterketa-metodo berriek prozesu honen diagnostiko goiztiarra erraztu dute.

Hauek dira minbiziaren aurkako borroka hobetzen duten faktoreak:

- Eragile kantzerigenoak ezabatzea eta minbizi-aurreko gaixotasunak ezagutzea eta kontrol hobea.

- Diagnostiko goiztiarra (osasunerako hezkuntza, azterketa profilaktikoak).

- Minbiziaren etapa goiztiarretako tratamendu estandardizatua.

- Errehabilitazio mediko eta soziala, tratamendua egin eta gerorako.

Pediatrek minbiziaren diagnostiko goiztiarraren garrantzia etengabe eduki behar dute kontzientzian eta azterketa fisikoan edo bestelakoetan, tumorearen existentzia posiblearen zeinuak astiro bilatu behar dituzte; hastapenean batez ere.

Kantzerraren edo tumorearen susmoa dagoenean ez da diagnostikoa atsegina ez delako baztertu behar, eta beste ikerketa batzuk hasi behar dira kasua argitzeko.

Pediatrek, gainera, minbiziarekin batera agertzen diren sortzetiko anomaliak eta sindrome klinikoak eduki behar dituzte beti gogoan, hauetaz konturatutakoan kontrol eta behaketa berezi eta preferenteak martxan jarri behar dituztelako.

Adibidez, hamartoma, aniridia, mikrozefalia, atzeratasun mentala, disostosi faziala eta sortzetiko hemihipertrofia sarritan doaz Wilms-en tumorearekin; mongolismoa, inmunoeskasiak, Bloom-en sindromea eta Fanconi-ren anemia aplasikoa leuzemiarekin; hemihipertrofia eta astrozitoma giltzurrungaineko kartzinomarekin; neurofibromatosia, esklerosi tuberosoa eta bizkarrezurraren sortzetiko akatsak nerbio optikoaren gliomarekin, etab.

Azkenik, kontuan eduki behar dugu ospitalizatuen alderdi soziala.

Haurrek ahal den denbora gutxiena egon behar dute ospitalean ingresatuta, batetik infekzioaren arriskua handiagotzen delako, ospitalizazio-baldintzak erabat aseptikoak ez direnean, eta bestetik ospitalean sortzen zaion trauma psikologikoa ebitatzeko.